Euskal Mitologian hain garrantzitsua den Mariren bizitzan sakondu ostean, goazen ba orain honen barnean agertzen diren beste pertsonaia mitologiko batzuk ezagutzera, guztiz sakondu beharrean, gainetik bada ere.
BASAJAUN

Artaldeak zaindu eta babesten ditu Basajaunek. Ekaitza datorrenean artzainek artaldea batu dezaten garrasi egiten du. Otsoei ere ez die uzten inguratzen. Ardiek, denek batera, zintzarriak astintzen dituzte Basajauna sumatzen dutenean eta, horrela, artzainek badakite lasai egon daitezkeela, gau edo egun horretan otsoa ez delako joango abereengana.
Herri-kondaira batzuen arabera, Basajauna lehen nekazaria, lehen errementaria edo lehen errotaria da. Gizakiek, amarruak erabilita, gariaren lehen hazia ostu zioten eta hori lantzen ikasi zuten. Hainbat sekretu gehiago ere lapurtu zioten; zerra, errota baten ardatza eta metalak nola soldatzen ziren, besteak beste.
TARTALO

Tartalo giza itxurako munstroa zen eta kopetaren erdian begi bakarra zuen. Kobazuloan bizi zen eta ehizatzen zuen edozein animaliaz elikatzen zen. Batzuetan, ordea, gizakiak harrapatu eta jan egiten zituen.
Istorio beldurgarrietan aurkitzen dugu pertsonai hau. Ekaitzetik babestu asmoz, kobazuloetara sartzen ziren gazteak bahitzen eta hiltzen zituen. Kasu batzuetan, gazte horiek alde egitea lortzen dute, Tartaloren begi bakarrean goritutako burdina sartuta eta beste batzuetan trikimailuren bat erabiliz, ardi larrua erabiliz ardiak bailitzan. Tartalok bahitutakoei eraztun bat janzten zien, eta eraztun horrek “hemendik, hemendik” esaten zuen etengabe, begia galdu duen erraldoiak ihesi doakion gatibuari jarraitu ahal izateko. Normalean gatibuek behatza moztu beste aukerarik ez zuten izaten, ondoren itsasora edo amildegi batera jaurti eta Tartalo ahotsari jarraituz heriotzara eramanaz.
AKERBELTZ

Lurrazpiko izaki bat da, akelarreen jauna. Sorginek haien errituetan ohoratzen duten jainkoa. Gure ipuinean Udan agertzen da, sorginen deiari erantzunez, Izarori, suaren bitartez, kultura entregatzeko asmoz.
Euskal mitologiaren jainkosa, Anbotoko dama eta Akerbeltzen andrea. Kondairek diote Mari eta Akerbeltz batzen direnean ekaitzak sortzen direla. Bikote honetatik bi seme jaio ziren; Atarrabi (ongiaren izpiritua) eta Mikelatz (gaitzaren izpiritua). Gure istorioan Mari Udazkenean agertzen da, airearen bitartez Izarori hizkuntza emanez, bere kultura ezagutzeko ezinbesteko elementua da.
SORGINAK

Gaueko izakiak dira hauek, ukenduen bidez gaixoak sendatzeko gaitasuna dute eta gauero Akerraren inguruan egiten diren Akelarreetan festa zoragarriak egiten dituzte. Hori bai eguna zabaldu baino lehen euren etxeetara bueltatu behar izaten dira, inork ikus ez ditzan. Hauek, beste numen asko bezala, Mariren zerbitzura bizi dira eta gezurraren eta iruzurraren bidez lortutako irabaziak lapurtu egiten dituzte. Maiz, erratz baten gainean, katua lagun eta kapela tente batez jantziak irudikatu dira euskal sorginak. Garai horretako emakumeen jantzia, ordea, oso bestelakoa zen Euskal Herrian. Oso litekeena da sorginak ere modu horretan jantziak izatea.
XVI. mendean Euskal Herriko eta beste hainbat lekutako gizonak eta batez ere emakumeak sorginkeriagatik kondenatu eta sutan erretzen zituzten. Pertsona hauek izan zezaketen jakinduriaren eta boterearen beldur zirenez, Inkisizioak paganismoaren erantzule egin zituzten, “Sorgin” izendatu eta .
LAMIAK

Euskal mitologian emakume itxura duten izakiak dira, leizeetan edo ibaietan bizi dira. Gizonak beraiekin maitemintzen ziren eta baita laminak gizonekin ere. Kondaira batzuen arabera, nekazariei laguntzen zieten, nekazariek utzitako janaria jaten zuten gauetan laminek eta, horren truke, lurra lantzen zieten.
Pertsonek gauetan gari eta arto ogia, urdai eta sagardorekin uzten zizkieten eta Lamiek ordainean, hainbat lan egiten zizkieten: irutea; trikuharriak, zubiak, etxeak, gazteluak zein elizak eraikitzea; eta gauetan arropa garbitzea, adibidez.
Kondaira ezagun baten arabera, auzoko emagin baten laguntza eskatu zuten laminek behin. Emagina laminen bizilekura joan zen eta lana bete zuen. Bazkaltzera gonbidatu zuten eta, ogia zuria zela ikusita, emakumeak zati bat hartu eta poltsan gorde zuen. Gainera urrezko linai eta ardatz bat eman zizkioten eskainitako zerbitzuagatik. Bazihoala, aulkitik ezin altxatuta gelditu zen eta laminek esan zioten berea ez zen zerbait hartu zuelako gertatu zitzaiola hori.